KONTXINTXINA

2007/07/29

...ta pixkanaka pixkanaka.... etxeraino!!

Azken berriak lehio hontara ekarri genituenetik, kilometro nahikotxo egin degu. HCMCtik barkuz Kanbodia aldera hartu genuen, Mekong ibaian gora. Phom Penh-en egonaldi laburra egin ostean, Siem Reap-erako bidea hartu genuean, Jemer inperioko erdigune izan zen Angkor hiri monumetala ikustera. Handik Tailandiara abiatu ta Koh Tao izeneko irlatxo batetako lasaitasunean, bidaia ixten joan gara, Bangkok-eko aztoramenak etxera bueltarako hegazkinean jarri gaitun arte. Jada etxetik ixten ari garen kontakizun hau, gure arrastoa jarraizeko baliagarri izan badezue (edo ez...) bejondeizuela. Guretzako esperientzia ederra ta bidaia hobea izan dira, ta sasi kazetari lantxo hau hartzea, beste estimulotxo bat. Guztioi besarkada bat ta eskerrak adi egoteagatik!!

Etxetik, ayó!!!

Argazki guztiak:

2007/07/19

Vietcong-en satorzuloak

Ho Chi Minh Cityk badu bai nahikoa zoko eta baztar noraezean galtzeko... ta denborak halako bi egiten duela dirudi! Goiz bateko irteeran Vietcong-ek erabilitako tunelak eta bertan antolatutako lurrazpiko auzoa ikusi ahal izan degu. Sinestezina!
Distrito banaketa du HCMC-ek ta hainbatetan zabaltzen den Auzo Txinatarrean ere izan gera.
HCMCtik, ayo.

Argazki gehiago:

2007/07/14

Ho Chi Minh.... Saigon ???

Egia esan, ez da erraza hiri izugarrri honi izena jartzea. Gutxijakinaren ikuspuntutik erraz batailatu dugu guk Ho Chi Minh City baina bertakoentzako berezkoagoa omen da Saigon.... gauza asko eta oso itxusiak pasa dira inguru hauetan denboran ez oso atzera joanda. Beraiek, nahikoa eufemistikoki, Gerraren Oroitzepenaren Museo deitu duten horretan egonak gara gaur eta egia esatea nahi badezue, norberaren txarrena erreskadan jarriko bagenu, zaila izango litzaiguke hainbesteko okerkeriarik bururatzea. Gezurra dirudi, horren denboran gertu, guzti hau bizi izandako gizon emakume hauek izatea, gure egunerokoan horren goxo harremanetan daudenak!! Bejondeiela!!! Egunotan ezin izan omen dezue lehio honetara bururik atera baina dirudienez, gaurtik, posible da. Arazo teknikoak medio ezinezkoa izan zaigu gaurkoari irudirik lotzea eta aurreragoko lan bezala hartuko degu. Ondo izan. HCMC (Saigon)-etik, ayo.

2007/07/12

Txinako itsasoak bustirik

Vietnam erdi alde hontara iritsita, bertako herritxorik politena omen denean daramagu egun batzu. Txiki ta polita da benetan. Egurrezko etxe txiki eta turistei begira bizi ez direnen bizi ohitura eta lanak ikusteko aukera eman digu.

Gogotsu geunden gorputzak itsasoko urak har zitzan ta iritsi da eguna. Hondartza egonaldi bakarti eta paketsuak bi egun hauetan. Bakardade bila hanka arinak nahikoa ez eta 4 martxadun Honda baten laguntza estimagarria izan degu.
Hoi An-etik, ayo.

Argazki gehiago:

2007/07/10

"Indotxina"ko protagonistak

Catherine Deneuve eta Vincent Perez bagina bezala ibili gara paraje ikusgarri hauetan, itsasoak Tonkingo golkoan gordetzen duen Halong Bay-ko islatxoek osatzen duten laberintoan barrena. Beste zortzirekin batera, bertan pasa degu eguna eta gaua eta egia esan zoragarria izan da, 'turistada" momentu batzu salbu.
Autobus betekadatxo bat hartuta, Hoi An-era iritsi gara gaur eta egun batzu hemen inguruan egiteko asmoa degu, herriaren polita eta hondartzaren lasaitasunaz gozatzeko.

Ayo.

2007/07/07

Sapako mendi alde berdea

Hanoitik ipar mendebaldera dagoen Sapa inguruan gabiltza azken bi egun hauetan. Arroz, arto ta kalamu soro ederrak daude inguruotan. Aldapak behartuta, terrazak baliatu dituzte lanak errazteko eta oso inguru polita utzi dute, bide batez. Oso jende atsegina topatu degu hemen ere eta bertako herrixketako jendeen bizimodua ezagutze aukera ere izan degu. Oso ikusgarria. Txina hegoaldetik aspaldi etorritako etnia bat da hemen nagusi, Black H'Mong-ak, esan digutenez.

Parajeak ikusgarriak dira eta hemen jarritako argazkia adierazgarria izan daitekeen arren, besteak ikustera animatzen zaituztegu.

Bihar, Hanoitik Halong Bay aldera mogitzeko asmoa degu ta bertatik eguneroko hau berritzea ez da erraza izango.

Hurrengorarte, ayo.

Argazki gehiago:

2007/07/06

Gustoko bidean aldaparik ez....

Gustoko bidean ez omen dago aldaparik... baina oztoporen bat sortu daiteke, aldian behin. Egunotan etxetik jaso ditugun berriak ez dira batera gozoak izan eta egia esan, ez zaigu iruitu, hain hurbil (lagunen lagunak...) bidaia batean jazotakoaren aipamenik ez egitea, bidaia bat kontatzen ari garen heinean. Ez degu guk hemendik aparteko ausnarketarik egiteko asmorik. Gure kontakizunarekin jarraituko degu, gurea ez den herrialde honek ematen dizkigunak islatu nahiez eta, besterik ez bada, norberarena ez dena ere begi goxoz ikusten saiatuz. Inguratzen gaituen guzti honen esperantza umeetan omen dago ta gaur polit askoak ikusi ditugu. Beraien inozentziarekin ez bada ere, lerro hauek sinatuko ditugu.

Ayo.

Argazki gehiago:

http://picasaweb.google.com/igor.esparza/Kontxintxina07